
Una puerta digital abierta al patrimonio

Sarrera
Erdoñana Arabako Lautadako leku estrategiko batean kokatuta dago, Zalduondo eta Agurain herrien artean. Hori dela eta, bere historia probintzia zeharkatzen duten erromesen eta merkataritzako bideekin batera garatu da. Donemiliagako Errejan (XI. mendean) agertzen dela kontutan izanda oso herri zaharra dela ondorioztatu dezakegu. 1332an Alfoso XI. erregeak bultzatutako “Voluntaria Entrega” delakoaren ondorioz, Erdoñana Agurain herribilduaren menpe geldituko da. Bien artean gatazka historikoak sortuko dira. Erdoñana Donemiliaga edo Egilaz anaiartearen buru izango da eta hortik gauregungo Donemiliaga udalerria sortuko da, egoitza Erdoñanan kokatuz. Garrantzi historiko honetatik sortuko da Herdoñanatarren Etxearen izatea, Gebara eta Okariz familiakoekin batu zirenak eta era nabarmenean aberastu zirenak, bere ondarean aztarna sakonak utziz.
Hordoñanatarren kapera
1615an, Erdoñanako Pedro Ruizek San Antonio kapera handi bat eraiki zuen elizaren iparraldeko hormaren kontra. Sarreraren arkupean, ziurrenik birkokatua izan zena, emaile otoizgilearen eskultura ikus daiteke, errenazimentu estiloko kojin handietan belaunez jarrita agertzen dena. Gerrikoaz estutua garaiko soineko motz batekin jantzita, kapa motza eta goletarekin, estatus handiko pertsonaia zela somatu dezakegu.
Kaperara sarrera ematen duen frontoian “Hordonana”-tarren armarri handi batek familiaren boterea eta elizarekin zuten lotura (diru emaile garrantzitsuak baitziren) erakusten ditu. Kaperan dagoen inskripzio batek erakusten duen bezala, Pedro Jauna Erdoñanan jaio zen, baina ondoren “Mexikoko biztanle” bihurtu zen eta bertan egin zuen bere ondasun handia. Lekua San Antoniori eskainitako erretaula erromanista batekin betetzen da, Juan Ruiz de Ordoñanak ordaindutako artelan eder bat da, Aguraingo Lope de Larrea eskultorearen tailerrean egin zena.

Erdoñanan ez dugu antzinako informazio garrantzitsua ematen digun argazkirik. Kontserbatu direnek, elizan azken urteetan aldaketa handirik ez dela egon erakusten digute. Ikuspegi orokor batean hegoaldeko horman kokaturik dagoen gorputz bat ikusten da, portada gainean, gaur egun desagertutako antzinako erlojuaren pesak estaltzeko balio zuena. Zehaztasun horiek kenduta, argazkiek elizaren itxura bereziki aldatu ez dela erakusten dute.
Jasokundearen eliza
Erdoñanako elizaren hormen azterketa zehatz batek bere sorreraren arrasto garrantzitsuak ematen dizkigu. Ikusten den eraikina XVI. mendeko bigarren erdiko eraikuntza on bat da, bere buru lauan erretaula eta horma bular handiak ditu, kanpotik ganga garrantzitsuak iragartzen dituztenak. Halere, kanpoko zuriberrien galerak antzinako erromanikoko eraikuntzaren arrasto anitzak ikustarazten ditu; haietako batzuk era zorizkoan jarrita, betegarri bezala erabiliak, beste batzuk, baketoiek, besteak beste, era orekatuagoan almena baten irudia egiten dute.
Eraikin erromanikoaren izatea arkupean baieztatzen da, bertan erdi aroko portada garrantzitsu bat baitago, XII. mendeko bukaerakoa edo XIII. mendeko hasierakoa izan zitekeena. Portadak bost arkiboltaz osatuta dago, interpretatzeko zailak diren aurpegi misteriotsuekin dobeletan, batzuk margo geruza askoren pean. Bost arkiboltetatik hiruk, mende horietan hain famatua izan zen ohiko xake itxurako apainketa dute.


Behin sartuta, bitarteko nerbioen ganga handiek, bi gurutze marrazten dituztenak, harritzen gaituzte. Nerbioak molduradun mentsuletan oinarritzen dira, haietako batzuk boladunak, XVI. mendeko ohiko ezaugarria zena. Gutxienez gangetatik bat Ramiro de Ocariz-ek egin zuen, Okarizeko eta Luzuriagako elizetan lan egin zuena.
XVI. mendeko bukaeran koruaren eraikuntza egin zen, garai hartan eraikitzen zen elizetako elementu liturgiko ohikoa. Gordetako datuek informazio hau ez baieztatu arren, koruak Ordoñanatarren kaperaren eraikuntzarekin lotura sakona izan dezake, hauek ongile nagusiak zirela kontuan hartuz. Karel aberatsak, kanal itxurako zutabeek eta, batez ere, korupea estaltzen duen gangak ongileen nahia kalitatezko obra egiteko erakusten dute. Ganga, izpiz inguraturiko Amabirgina umearekin irudiaren giltzarri zoragarri batekin ixten da.
Erretaula
Lunetoen ganga sinple baten pean, apropos egindako hutsune batean, Jasokundeari eskainitako erretaula izugarri bat altxatzen da. XVII. mendeko lehenengo erdiko obra bat da eta eraikuntzaren liburuetan irakur daitekenez, aurretik egindako erretaula baten lekuan jarri omen zen. Juan Ruiz de Luzuriagak eta Pedro de Ercillak, Lope de Larrea famatuaren eskultorearen semeak, egindako erretaula zen aurrekoa. Gaur egungo altxariaren eraikuntza 1639an hasi ziren, Miguel de Zozaya arkitektoak eta Diego de Mayora eta Juan Pérez de Mezquia eskultoreek zuzenduta.
Bankuan ebanjelistak daude, Elizako Gurasoengandik esku, bere ohiko ezaugarriekin irudikatuta. Erdian, bi gorputzeko sagrario batean berpiztutako Kristauaren irudia dugu aurreko aldean, Moises eta Elias inguratua.
Erretaularen lehenengo gorputzean, bi kutxatilategi handik San Pedroren irudia giltzekin eta San Pabloren irudia espata luze batekin gordetzen dituzte.
Gorputz horren gainean bete banku bat finkatzen da, Sendotasunaren (zutabe bat heltzen duena) eta Neurritasunaren (ura ardotan jaurtitzen duena) erliebe interesgarri batzuekin, goiko beste banku batekin, Zentzutasunaren eta Zuzentasunaren (balantza batekin) irudiekin osatzen dena.
Gorputz nagusian Jasokundearen irudi bat horma-hobi batean dago, oso kalitate oneko eskultura bat da, San Juan Bautista eta Jose umearekin irudiekin dagoena.
Erretaula Kalbario irudia nabarmenduta duen atiko batekin bukatzen da. Erretaula burutzen duen frontoi batean Etengabeko Aitak mundua sostengatzen du. Gurutziltzapenaren albo bietan, Araban botere handiko fraide eskaleen ordenen ordezkari nagusiak daude: Domingo deuna eta Francisco deuna.
Azkenik, tenplutik irten baino lehen, urbedeinkatuaren harriari begirada bat botatzea merezi du. Sakristiatik errenazimentuko ur harri hau kendu zutenean, bururatu zitzaien bere zati batzuk bateoarriaren inguruan kokatzea. Honela gaur egun zati ezberdinak aurki ditzakegu: otoitzgile bat zutabe bat sostengatzen duen aingeru batekin dagoena, emakumezko irudi batekin batera erromes-oskol batean, fedearekin parekatu daitekena. Artelan honek, bere jatorrizko esanahia galdu duen arren, 1700go birkokapenak harrizko eskultura hauen gozamena baimentzen du.
Créditos fotográficos:
De las fotografías actuales: © Alava Medieval / Erdi Aroko Araba
De las fotografías antiguas: Archivo del Territorio Histórico de Álava