Ate digital bat ondareari irekia
Natibitatearen eliza (Arkaia)
Sarrera
Gasteizko Salburua auzo berriaren mugan, Arkaia herri independentea izan arren, hiriburuaren eta landa-eremuaren arteko lotune da. Tamaina txikikoa izanagatik, bere antzinatasunaren berri ematen diguten arrasto historikoez josia dago. Aipatzekoa da induskatuta dagoen aztarnategi bat; xumea bada ere, Arabako antzinako erromatar garaiko terma batzuen existentzia azaltzen digu. Bertako elizak oraindik ere zenbait arrasto erromaniko mantentzen ditu, gehienak ezkutatuan, inguruetako populazioaren iraunkortasuna argitzen diguna. Hala ere, Erdi Aroko iragan hau XVIII. mendean egin ziren erreforma neoklasikoek estaltzen dute, erreforma honetan garaiko arkitektorik famatuenak parte hartu zuen: Justo Antonio de Olaguibel.
Arkaiako termak
Arabako lautada gurutzatzen duen Iter XXXIV deritzon eta Burdeos eta Astorga lotzen zuen galtzada erromatarraren bidearen ondoan kokatuta zeuden Arkaiako termak. Erromatar garaian Iter-a igarotzen zuten bidaiari eta merkatarien beharrak asetzeko eraiki ziren I.mendeko amaieran terma hauek. Ezezagunak diren arrazoiengatik, berrogeita hamar urte geroago abandonatu egin ziren. Oraindik ere egitura osatzen zuten beste hainbat espazio ikusi ahal dira: jantzitegi edo apodyterium bat, ur hotzeko areto bat (frigidarium), ur epeleko beste gela bat (tepidarium), ur berokoa (caldarium) eta ariketa fisikoak egiteko patio edo palestra bat dira. Tepidarium-eko zoruan zutabe txikiak ikusi ahal dira, zorua bera sostengatzen zutenak. Berogailu sistemaren zati ziren (hipocaustum), zeinak gela berotzen zuen tarima eta pareta hutsetan aire beroa zirkulatuz.
Herriko elizari buruz kontserbatzen ditugun antzinako argazkiek eraikuntzaren egituran ez dute aldaketa asko erakusten. Elizak jasan zituen azken erreforma handiek, XVIII.mendean, harrez gero ezagutzen dugun forma eman diote. Hiru garai ezberdin sailkatu ahal ditugu. Lehenengo garai erromanikotik, kanpoaldeko ipar eta mendebaldeko paretan hagaburu eta landutako harri batzuk geratzen dira, geroagoko handiagotzean berrerabiliak izan zirenak. Nabe erromanikoa, gaur egun asko aldatua eta auzoko udalbatzaren bilgune izan zena, Aro modernoan estalia izan zen, non gaur egungo parrokia atxikitu zitzaion, ia oinplanta berri bat sortuz. Azkenik, XVIII. mendean ataria berregin zen eta maestreo bat ezarri zen, hau da, beste garaietako elementuak erlaitz eta taulamenduen bitartez estali egin ziren, eliza osoa irizpide neoklasikoetan bateratzeko asmoz.
Natibitatearen eliza
Kanpoaldea
Terma erromatarretik metro gutxira, Arkaiako arrastorik zaharrena den Natibitatearen eliza dago. Arrasto erromaniko ugariak (batzuetan ezkutatuan) eraikuntzatik banaturik daude eta Erdi Aroan zeukan itxura irudikatzen laguntzen digute. Elizaren nabearen jatorrizko forma iparraldeko aldean antzematen da, non hagaburu lerro bat ikusten dugun, eraikuntzaren jatorrizko tamaina azaltzen diguna.
Antzinako ataria
Eliza primitibo honen ataria, oraindik ere, tenplu honen pareten artean mantentzen da. Errenazimendu garaiko berritze hau egin zenean, tenpluak izango zuen tamaina berriari moldatzeko, leku aldatze bat izan zuen. Kanpoaldetik ikusten ez bada ere, gaur egungo sarreraren atarian leku berean jarraitzen du. Dorrerako sarbideko eskaileretatik, XVIII. mendean eraikitako atariak sortzen duen sabai aizuna ikusten da. Portada erromanikoaren arkiboltek bertan jarraitzen dute, akanto hostoko dekoraziodunak. Dorrerako sarrera berean jatorrizko elizak izan zituen landare dekorazioko kapitel erromanikoetako bat ikusi ahal dugu.
Hala ere, eliza erromanikoak izan zuen altxorrik preziatuena gaur egun barruan argi ikusten dugun bataiarria da. Tamaina handikoa, arte erromatarrak nabarmen eragindako dekorazio geometrikoa erakusten du bere kopan, bertan elkarri lotutako zirkuluz osatutako greka bat ikus daiteke, eta beronen barnean zortzi puntako izarrak eta motibo zirkularrak gailentzen dira. Dekorazio zentral honen albo banatan beste elementu geometriko batzuk azaltzen dira goi eta behealdeko bandetan. Bataiarriaren atzeko aldean dekorazioa gelditu egiten da, honek pareta batean jartzeko egina izan zela pentsarazten digu.
XVI. mendean, inguruan ohikoa den estilo gotikoan, eraikuntza osoa birplanteatu zen, eliza erromanikoaren hegoaldeko paretari itsatsia eraikiz. Momentu honetan, abside poligonal bat eta bi fase ezberdinetan estali zen gurutzadura-nabe bat sortu ziren. Burualdeko zatiak ganga errenazentista konplexu batzuk ditu. Bertako nerbioek lorez eta izarrez osatutako forma geometrikoak sortzen dituzte. Elizaren oinaldean, ertz-gangak dauzkagu, estilo barrokoari lotuagoak.
Justo Antonio de Olaguibel, jatorriz gasteiztarra eta arkitekto neoklasiko hoberenetarikoa, tenpluko maestreoa egiteko aukeratua izan zen. Taulamendu sendo hau, erlaitz gisa eraikuntza osoa inguratzen duena, bere diseinupekoa da, sostengatzen duten zutabe eta pilastrak klasikoak bezalaxe. Modu honetan, sabaiko gangen nerbioak bukatzen diren kapitel gotikoak estaltzen dira, eraikuntza soilagoaren itxura emanez, eta neoklasizismoaren gustuetara egokituz.
Erretaulak ere mende berekoak dira, bertan aire berri neoklasikoz zipriztindutako elementu barrokoak ere badiraute. Erretaula nagusiaren taulan bi margo egin ziren, ezkerraldekoan, Pedro, Migel eta Juan Bataiatzailea ditugu; eta eskuinaldekoan, santa Katalina, san Pelayo eta san Viktor. Bi margo hauetan elkarren antzeko inskripzio bana aurkitzen dugu, Arkaia inguruan sei eliza ezberdin izan zirela gogoratzen digutena. Gaur egun galdutako eliza hauek aipatu ditugun santuen omenez sagaratu ziren.
Sagrarioaren gainean Natibitatearen Ama birjinaren omenezko erliebe bat daukagu. Bertan, hainbat emaginek artaturik eta aingeru guardakoez inguraturik, santa Ana Mariaz erditzen ari da, bitartean, bigarren maila batean san Joakim eszenari so dago. Eszena barrokoa garaiko gortina batek inguratzen du, konposaketa nabar bati dinamismoa eskainiz. Mukulu biribileko eskulturak alboko nabeetan aurkitzen ditugu, erretaularen aurreko garaiko Ama birjin bat eta san Eugenioren irudi bat dira, apezpikuz jantzita gurutze bat besoetan duelarik. Goialdean, mihise batean margotutako Kalbario batek erretaula koroatzen du.
Erretaularen bi alboetako irudiak Arabako neoklasizismoko bi eskultore-dinastia bikainetako partaideek egin zituzten: Valdivielsotarrak. San Jose umearekin eta Errosariko Ama birjina errepresentatzen dute, tamaina txikiagoko beste figura batzuekin batera.
Créditos fotográficos:
De las fotografías actuales: © Alava Medieval / Erdi Aroko Araba
De las fotografías antiguas: Archivo del Territorio Histórico de Álava.