
Ate digital bat ondareari irekia

San Andres Apostoluaren eliza, Villafranca
SARRERA
Villafranca Estibalitzeko santutegia dagoen muinoaren magalean kokaturik dugu. Herriaren iragan distiratsu baten arrastorik ailegatu ez zaigun arren, dokumentazioak, XI. mendearen bukaeraren eta XII. mendearen hasieraren artean, Villafranca Araban sorturiko lehen hiribildua izan zela esaten digu. Izan ere, Gaztelako Alfontso VI.aren hiribilduen sorkuntza politikari jarraituz, Lope González noblea izan zen herriaren fundatzailea. Berak sortu zuen Villafranca bere Estibalitzeko etxe-dorretik, hemendik Arabako lur eremu handia kontrolatzen zuen. Villafrancak merkatu egun bat izan zuen eta hiribildu oparoa izan zen, Estibalitzeko eliza erromanikoaren sorkuntzaren lekuko. Hala ere, XII. mendearen bukaeran, aldameneko Vitoria-Gasteizen sorkuntzak hainbesteko presioa eragin zion, non biztanleak galdu eta gainbehera garai batean sartu zen.
Estibalitzeko Ama Birginaren egonaldia
Villafrancaren eta Estibalitzen arteko erlazioak estuak izan dira beti, izan ere, uste da Villafranca herriaren lehen kokalekua santutegia dagoen muinoan bertan zela. Horregatik, XIX. mendearen amaieran, Estibalitzek gurtza galdu zuenean, Arabako zaindaria Villafrancako elizara eraman zen. Gerra karlisten ondoren XII. mendeko tailla oso egoera txarrean geratu zen, buru eta umerik gabe, horregatik Villafrancako herritarrek berrerabilitako materialen bitartez elementuak atzera jarri zizkioten; horrela, Erdi Aroko izaera ezkutatzen zuen jantzitako Ama Birjina bat bilakatu zuten. Ondoren, elizaren iparraldeko murruan zegoen aldare batean kokatu zuten, gaur egun errestaurazioaren ondorengo grabatuetan oraindik ere ikusi ahal duguna. Estibalitzen zaharberritzearekin batera Ama Birjinaren itzulketa heldu zen, zeina 1904ko urriaren 9an bat-bateko prozesio batean santutegira berriz ere igo zuten.
Villafrancako San Andres elizan kontserbatzen den lehen irudia mendebaldeko bi gangen traza eder batzuk dira, ondoren etorriko zen eraikuntzarako prestatze-marrazki gisa balio izan zutenak. XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadan eta XXI. mendearen hasieran gauzatutako zaharberritzeak baino lehenagoko argazkietan elizak eraldatzeen aurretik zeukan itxura ikusi ahal da. Barnealdeko argazkietan, Barroko garaiko horma-pinturak aurkitzen dira, pabilloi deitutako errezel batek erretaula inguratzen duelarik. Hau Araban erretauletan oso ugaria den dekorazio piktoriko osagarri mota bat da. Kanpoaldeko argazkietan denboran zehar elizaren nabe nagusiari erantsi zaizkion bestelako espazioak sumatzen dira. Hauek oraindik orain kendu ziren: landetxea, sakristia eta eliz ataria, tenpluaren hegoaldeko aldean kokaturik egon zirenak.
Eliza
Kanpoaldea
Villafrancako San Andres Apostoluaren elizak, denboran zehar erantsi zitzaizkion gehigarriak kendu ondoren, itxura sendo eta uniforme bat aurkezten du. Hala ere, behaketa zehatz baten ostean, elizaren burualde zuzena gorputza baino lehenago eraiki zela antzeman daiteke. Kanpoaldeko murruak eta barnealdeko gangetan dauden hausturek erakusten digute XVI. mendean zehar gauzatutako eraikitze prozesuaren bi fase desberdin egon zirela. Arrazoia Andrés López de Alzolaren heriotzean dago, burualdearen egilea berau. Proiektua Pedro de Elosuk jarraitu zuen amaitutzat eman zen 1574. urtera arte. Data honetatik aurrera, maisu berberak tenplua guztiz bukatu zuen mendebaldeko aldean zegoen dorre atxikitua eraikiz.
Eliza honen harri bitxia hegoaldeko murruan kokaturik dagoen portada errenazentista dugu, antzinako eliz atariko arrastoetan dagoena. Arabako Errenazimendurik onena sarrera inguratzen duen eskulturan aurkitzen dugu, a candelieri dekorazioa eta fuste ildaskatua dauzkaten zutabeetatik aingeruz beteriko frisoraino. Arkuaren bi aldeetara bi medailoi ditugu, bertan aurpegiak errepresentaturik eta landare eta animal munduen arteko diren izaki fantastikoek sostengatuak daudelarik. Portadaren kontserbazio onak eta eskulturen kalitate paregabeak adibide hau Arabako landa-eredurik onenetariko bilakatzen dute.
Barnealdean izar formako gangen lanketak harritzen du. Gangaren lehenengo tartean, burualdekoan, hamabi apostoluak errepresentatzen dituzten giltzarriak ditugu. Hauek guztiak beren martirioaren instrumentoarekin agertzen dira. Hauek guztiek erdialdean daukagun giltzarria inguratzen dute, bertan, eszena nagusi bezala, Jasokundea eta Ama Birginaren Koroazioa errepresentaturik daudelarik.
Kontserbatzen den erretaula XVIII. mendekoa da, Rokokotik gertukoa. Erdialdean San Andres daukagu, elizaren izenpekoa, albo banatan San Pablo eta San Petri. Hauen gainean, erretaulan nagusitasuna hartuz, Kalbario bat daukagu, Kristo gurutziltzatuak, Ama Birjinak eta San Juanek osatzen dutena, goian Jainko Aitak bedeinkatzen duen bitartean. Aldameneko erretaulak Valdivielso eskolak neoklasiko estiloan egindakoak dira. Eskuinaldean Errosarioko Ama Birjina daukagu eta ezkerraldekoa San Antonio abadearen omenezkoa da.
Tenpluak jaso dituen segidako margo geruzek antzinako margoen arrastoak susmarazten dizkigute. Esaterako, ganga errenazentistetan hezetasunak eragindako margo-zartatuetan grisaillezko zatiketaren arrastoak ikusten ditugu. Honengatik uste da eliza kolore gris eta marra txuriz margotutako adreiluzko irudi batez dekoratua egon zitekeela. Gainera, argazki eta grabatuei esker badakigu ondoren ere irizpide barrokoekin margotu egin zela. Gaur eguneko margoak, hirurogaigarren hamarkadako margoak dira.
De las fotografías actuales: © Alava Medieval / Erdi Aroko Araba
De las fotografías antiguas: Archivo del Territorio Histórico de Álava.
Traza: Pedro de Elosu, Traza de la iglesia de Villafranca, AHPA. Prot. Not. 6.201, 1574.