bisita gidatuak
Informazioa eta erreserbak:
Oficina Comarcal de Turismo de Salvatierra-Agurain: 945 302 931
sarrera
Done Jakue bide arabarraren ertzean, Gazeo parean, Tourseko San Martin eliza aurkitzen dugu. Bere izenak Donejakueko izaera agerian uzten digu, zeinaren oihartzunak mendeetan zehar elizako murruak begiratu dituzten erromesei erreferentzia egiten dien. Zirkuluerdi-formako absideak bere jatorri erromanikoa aditzera ematen digu, historian zehar jasandako eraldaketak bere hasierako itxura mudatu badute ere. Bere kanpoalde soilak, hala ere, orain arte Euskal Herrian aurkitu diren margo gotiko liluragarriak inguratzen ditu. Estilistikoki gotiko lineal batean margotuak izanda, polikromia hauek absideko ahurretik hasi eta bi alboetako paretetatik zabalduko dira presbiterioko gangaraino, aberastasun eta kalitate handiko programa ikonografikoa erakutsiz.
Margoen aurkikuntza
1967ko irailaren 7an, Juan José Lecuonak, Gazeoko parrokoak, Rafael de Eulate y Alósekin batera, balio artistikoko piezen bila Lautadako hainbat tenplu aztertzea erabaki zuen. Eskailera baten laguntzaz, Garzeoko eliza erromanikoko absidean zegoen erretaula barroko batera igo ziren eta haren atzean ezkutaturik zeuden margo gotikoak ikuskatzeko aukera izan zuten, gaur egun oztoporik gabe ikusi ahal ditugunak. Aurkikuntzaren hurrengo egunean elizbarrutiarekin, Arabako foru diputazioarekin eta Prado museoko zaharberritzailearekin harremanetan jarri ziren, eta berau Garzeora joan zen aurkikuntza zuzenean ikustera. Ondoren, José Gudiolek, Bartzelonako Arte hispanikoen Amatller institutuaren zuzendariak txosten bat idatzi zuen non absideko margoak bistan uzteko, eta, horrela, zaharberritze prozesuari hasiera emateko, erretaula kentzea gomendatzen zuen.
Artxibategitik berreskuratuko XX. mende hasierako argazki zaharrek Gazeoko eliza ezberdin bat erakusten digute, beste garaietako eranskinekin mendeetan zehar elizak bizi izan dituen bilakaeraren berri ematen digutenak. Orain dela hamarkada batzuk jasandako zaharberritze bortitzek tenpluko egitura guztiz aldatu egin zuten, izan ere, aldaketa hauetan, gaur egunera ozta-ozta ailegatu zitzaizkigun elementu erromaniko batzuk berregin ziren, hala nola, portada edo absideko hegoaldeko leihoa.
margoen edukia
Gazeoko margoak, Erdi Aroko mundu kristauaren baitan, XIV. mendean heriotza ulertzeko zeukaten planteamendu oso bat aurkitzen dugu. Absideko ahurrean tamaina handian Graziako Tronua daukagu, hirutasunaren figurek osatzen dutena: Jainko Aita, bere seme gurutziltzatua eta uso forma daukan Espiritu santua. Inguruan, hauei begira, koru bat osatzen duten aingeruak, birginak eta santuak ditugu, belaunikoz benerazioan aurkeztuz. Ikuspen beatifikoa, Jaiko Aitaren aurpegiaren kontenplazioa, mundu kristauaren heriotzaren ondoko azken bidaia honen amaiera zen, galdutako paradisuaren berreskurapena.

Presbiterioko gangak margoak ere baditu, tamaina txikiagokoak. Bertan Kristoren bizitzaren pasarteak ikusten ditugu. Hauen artean, bere haurtzaroaren inguruko ziklo bat ikusten dugu, bere heldutasuneko predikazio eta mirarien eszenak, eta azkenik, pasioa eta ondorengo berpizkundea. Hauen artean bereziki azpimarratzekoa da Azken Afariaren eszena, xehetasunez beterikoa.
Elizako gainontzeko nabea gaur egunera biluzirik ailegatu zaigu, zaharberritzeari esker jatorrian margotuak egon zirela jakin dugun arren. Bere ordez, antzinako erretaula barrokoko eskulturak ikusten ditugu, hirurogeiko hamarkadara arte margo gotikoak ezkutatzen zituen erretaula, garai hartan kendua eta zatitua izan zena.