Ate digital bat ondareari irekia
Sarrera
Burgeluko herriaren kanpoaldean, soroen artean, San Juan ermita aurkitzen dugu. Eraikuntza hau Arrarain izeneko aspaldiko herrixkaren azken testigantza da. Herri hau XIV. mendean loratu eta orduantxe abandonatu egin zen. Eremu hau herritarrek “Camino de los Romanos” deitutakoaren ondoan kokatuta dago, Araba gurutzatzen zuen Burdeos-Astorga erromatarren galtzadaren gertutasuna adierazten digunak. Mendeetan zehar ermita funtzioa betez, Burgeluko herritarrek, eliza mantentzeaz arduratu zirenak, eliztxoren ipar murruan hilerria kokatzea erabaki zuten, hau dela-eta, gaur egun, herriko hilerriaren kapera gisa funtzionatzen du.
Arraraineko eremua
Arabako lautadan jenderik bizi ez den eremu edo mortuorio (Erdi Aroan deitzen ziren bezala) asko aurkitzen ditugu. Guzti hauetatik izena, eta ausaz, ermita bihurtutako jatorrizko parrokia gorde dira. Leku hauen despopulatzearen kausak anitzak izan daitezke: herritar guztiak akabatzen dituzten gaixotasunak, herritarrak beste eremu erosoago batzuetara mugiarazten dituen kokapen deseroso bat, merkatariak erakartzen zituen bideen abandonatzeak edo, Arraraineko kasuan, gertuko herri berri baten sorkuntza. Burguluko herri berriaren abantaila fiskal eta legalak herrixkaren abandonatzea ekarriko zuen, eta ondorioz, bertakoak ondoko herrira lekualdatzea. Gaztelako errege Alfontso XI.ak 1337. urtean Burguluko herria sortu zuenean, inguruko herrientzat hainbesteko presioa suposatu zuen, ezen hauetako askoko biztanleak, bizitza hobe baten bila, bizitokiz aldatu ziren.
XX. mendearen hasieran San Juan de Arrarain ermitari egindako argazkiak ikusten baditugu, denborak eragindako suntsidura eta arrakala batzuen konponketak izan ezik, elizaren kanpoaldeak aldaketa handirik jasan ez duela ikus dezakegu. Hala ere, barrualdean, haien itxurarengatik XIX. mendean datatu ahal ziren margoak desagertu egin direla kontura gaitezke. Batetik, margo hauetan abside aldeko labe gangan kupula erdi bat imitatzen saiatu zirela ikusten dugu. Bestetik, paretetan marmolaren testura ematen duten trazuak antzeman ahal ditugu. Eta azkenik, dekorazioa osatzeko, aldarearen aurrealdean gortina bildu bat dugu. Bitxia da oso nola Erromaniko garaiko leihoa Erdi Aroko Ama birjinaren irudia gordetzen duen errataula neoklasiko moduko bat bihurtua izan den. Horretarako, abside aldeko leihoetako kapitelak, pilastra neoklasikoak imitatzen saiatzen ziren igeltsuzko egitura batzuekin estali egin ziren.
Ermita
Kanpoaldea
Jatorrizko XII. mendeko eliza erromanikotik absidea besterik ez da gordetzen. Bestalde, elizaren gorputza, egurrezko habeteria batek ordezkatu du. Burualdean erdi puntuko leiho absidial soil bat dago, soka-dekorazioko bi kolomak eutsirik.
Zirkuluerdi-formako absidearen erlaitzean aniztasun handiko hagaburu zenbait mantentzen dira. Hegoaldetik hasita iparralderantz doan marra bat jarraituz, elementu zilindriko bat antzeman dezakegu, baita ahutzak erakusten ari den balizko txakur edo otso bat, eta aurreko hankak erakutsiz, arku-biola jotzen duen musikari bizardun bat ere. Honen ondoan, beste hagaburu batean, zarrabete jotzaile bat dago. Bi instrumentu hauek oso ohikoak ziren Erdi Aroan.
Barrualdeko garaipen arkuko kapiteletan eszena eta motibo misteriotsu gehiago ikusi ahal ditugu. Eskuin aldekoan, tolestutako gonarekin, bere hegalpean bi pertsonaia babesten dituen aingeru bat daukagu. Aingeru honek bi pertsonaia izango ditu alboz-albo, indarrez, beraren hegoak zabaltzen saiatzen ari direnak. Goiko aldeko erlaitzak dekorazio geometriko bat erakusten digu, ikoroski forma batean oinarrituta. Forma hau bi lerrotan errepikatzen da aurre aldeko erlaitzean. Eskuin aldeko kapitelean berriz, ebakidura baten bidez egindako triangelu forma bolumetriko batzuk ikusten ditugu. Hauek maskor gisa identifikatu egin dira, Done Jakue bideari balizko erreferentzia. Hala ere, landare dekorazio soil bat ere izan liteke.
Berriki gertatutako esku hartze ezberdinek, igeltsuzko pilastra baten atzean iztukaturik egon ziren absideko leihoko kapitelak argira atera dituzte. Eskuin aldean, berriz ere errepikatzen den gaia, bi buru babesten ari den aingeru babesle bat ikusiko dugu. Ezker aldean, berriz, bere eskuetan liburu bat daraman irakurle bat ikus daiteke. Bitartean, suge bat beraren hanken artean irristatzen ari da, eta burua altxatzen du. Irakurle honen ondoan otoizlari bat ikusten dugu, eskuak zerurantz, arropek eliz gizon gisa identifikatzen dutelarik.
Bitxikeria gisa, harrizko sarkofago zimendu gisa berrerabilien arrastoen gainean dago absidea. Burualdea inguratzen duen beheko aldean ikusi ahal den bezala. Baliteke, elizaren eraikuntza baino lehenagoko garai batekoak, abandonatuko hilerri baten zatiak, izatea.
De las fotografías actuales: © Alava Medieval / Erdi Aroko Araba.
De las fotografías antiguas: Archivo del Territorio Histórico de Álava.